Letrak eta Futbola 201819/10/2018

Datorren azaroaren 12an hasiko da Letrak eta Futbola topaketen bederatzigarren edizioa. Athletic Club Fundazioak eta Foru Liburutegiak antolatutako topaketak dira, literaturaren eta futbolaren ingurukoak, eta honako egun hauetan egingo dira: azaroak 12, 13, 15, 19 eta 20.

Aurten Simon Kuper, Philippe Claudel, Nacho Carretero, David Goldblatt, Manuel Vilas, Ana Malagón, Enrique Ballester, Anjel Mari Peñagarikano, Xabi San Sebastian eta Laura Ferrero egongo dira topaketetan eta futbolaren eta letren arteko harremanaren inguruan arituko dira. Horrez gain, futbolaren eta gizarte garaikidearen arteko harremanaren inguruan ere arituko dira, ikuspegi eta planteamendu desberdinak oinarri hartuta. Bizkaiko Foru Liburutegiko Areto Nagusian izango dira topaketak, azaroaren 15ean Philippe Claudelekin egingo dena izan ezik, hori San Mames VIP Areako ipar aretoan izango baita.

Topaketekin batera, irakurzaletasuna sustatzeko ekintzekin jarraituko da. Izan ere, Athletic Club Fundazioak hainbat urte daramatza irakurzaletasuna sustatzen Letrak eta Futbola topaketen esparruan. Ekintza horietatik lehena “Talismana” liburuaren 20.000 ale argitaratzea izango da. Katixa Agirre eta Aixa de la Cruz idazleek beren-beregi aukera horretarako idatzitako bi ipuinek osatzen dute, bereizita zein kontakizun beraren bi kapitulu modura irakur daitezkeenak. Liburuak doan banatuko dira Bilboko liburu dendetan eta liburutegietan, Letrak eta Futbola topaketak egin aurreko astetik hasi eta topaketak bukatu bitartean. Era berean, aurten Bizkaiko ikastetxeetan eta Athletic Clubekin hitzarmena duten klubetan banatuko dira liburuak, ipuinak irakurle gazteentzat pentsatuta baitaude. Ildo horretatik, Athletic Club Fundazioak 14 eta 18 urte bitarteko pertsonentzako kontakizun lehiaketa bat antolatu du eta Katixa Agirrek eta Aixa de la Cruzek idatzitako sortaren hirugarren ipuina idaztera eta parte hartzera gonbidatzen ditu.

Azkenik, Letrak eta Futbola 2018 edizioan Athletic Irakurketa Kluba antolatuko da aurten ere. Fundazioak irakurketa sustatzeko abiarazitako kanpaina da, duela lau urtetik urtero-urtero egiten dena. Ekimen horren bitartez, pertsona orok liburu bat iradoki diezaieke Athleticeko jokalariei, Letrak eta Futbolaren webgunearen bitartez. Jasotako iradokizun guztien artetik, jokalari bakoitzak bat aukeratuko du eta Fundazioak irakurketa kluba antolatuko du hautaketa horretan oinarrituta. Denboraldi osoan zehar egiten da Athletic Irakurketa Kluba. Momentu honetan irekita dago Ainhoa Tirapuri iradokizunak bidaltzeko epea, www.letraketafutbola.com webgunearen bitartez.

Athletic Club Fundazioak eta Bizkaiko Foru Liburutegiak antolatzen dituzte Letrak eta Futbola topaketak eta Bizkaiko Foru Aldundia, Euskaltel eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarena den Irakurketaren eta Liburuaren Behatokia dira babesleak. Melià Hotelak eta BCD Travelek ere laguntzen dute. Athletic Club Fundazioak eskerrak eman nahi dizkie babesleei, emandako laguntza baliotsuagatik.

Letrak eta Futbola 2018