Azaroa 13A, Asteazkena 19:00 / San Mamés - Sarbidea 14. atetik

Aritz Gorrotxategi, Martín Etxeberria & Jon Kortazar

PARTE-HARTZAILEAK: Aritz Gorrotxategi • Martin Etxeberria Garro • Jon Kortazar

  • Aritz Gorrotxategi
    Aritz Gorrotxategi

    Aritz Gorrotxategi Donostiako Gros auzoan jaio zen 1975ean, eta gaur egun Lezon bizi da. Txikitan ordu asko eman zituen baloiari joka, baina, azkenean, belar hockeya eta igeriketa egiten amaitu zuen. Realaren liga garaipenak txikitan bizitzeko aukera izan zuen, eta oroimen hori betirako geratu zaio iltzatuta. Horrez gain, Maradona eta Gullit zalea izan zen haurtzaroan eta nerabezaroan. Galdetuz gero, 80-90 hamarkadetako hainbat jokalari errusiarren izenak dakizki. Gidoigile, zutabegile, irakasle eta itzultzaile jardun du. Balea Zuria argitaletxearen sortzaileetako bat ere bada. Prosa eta poesia landu ditu. Harenak dira, besteak beste, Zaldi hustuak, Hariaz beste eta Amua poema-liburuak, Egurra Pinotxori, Zer egingo dugu orain opariekin? eta Ahazten ez diren gauzak ipuin-bildumak; eta Kafkaren labankada, Kearen truke, Axola ez duenean eta Koldar hutsa zara eleberriak. Han-hemenka eta tantaka, futbola izan du hizpide bere zenbait lanetan. Literatur genero ezberdinetan murgiltzeko erraztasuna ikusita, eta trebetasun hori futbol mundura ekarrita, esan daiteke edozein postutan joka dezakeen jokalaria dela: atezain nahiz aurrelari, atzelari zein erdilari. Iaz Futbola iraganean gertatzen da ipuina argitaratu zuen Korner jaialdiaren barruan.

  • Martin Etxeberria Garro
    Martin Etxeberria Garro

    Martin Etxeberria Garro Zarautzen jaio zen, 1974ko udazken batean, bere anaia Xabier baino bost bat minutu lehenago. Bere habitatak baldintzatzen duen basapizti gehienen antzera, Ignacio Txurruka, Jose Angel Iribar eta Estanis Argote bezalako futbol jokalari handiak jaio ziren herrian sortu izanak, bere Athletic-zale patua markatu zuen txiki-txikitatik. Burugogorra izaki, ikastolako jolastorduetan beti azkena (edo azken-bigarrena) aukeratzen zuten jokalaria izan arren, zarauzko hondartzako futbol txapelketan aritzeko setari eutsi zion 28 urte bete zituen arte. Bitarte horretan, eta batez ere hortik aurrera, lau poesia liburu idatzi ditu eta bost eleberri, dozena bat haurrentzako ipuin, hiru komiki eta pare bat dokumentaletarako gidoi bere anaia Xabierrekin batera. Horietako eleberri bat, “Ez dadila eguzkia sartu” hain zuzen ere, lehendabiziko futboleko Euskal Selekzioaren istorio bat zen, Kepa Areso jokalaria protagonista hartzen zuelarik.

  • Jon Kortazar
    Jon Kortazar

    Jon Kortazar (Mundaka 1955). Futbolaren bere lehen oroitzapena: Aitaren eskutik joan zen Mundakan Athleticek irabazitako Kopa ikustera. Egun hartan jokalariak kaioi baten gainean zihoazen garaikurrarekin.. Zenbat urte izango ote zituen? Hiru? 1958ko Kopa izan behar zuen. Hamaika baserritarren kopa! Aita joaten zen tabernan Piru Gainzaren argazki bat zegoen, justu aita jesartzen zen mahai ertzaren atzean. Kopa jasotzen zuen eta behin eta berriz ikusi zuen argazki hura. Piru Gainzaren itzalpean ezkertia delako jolasean, ezkerreko marraren ondoan jokatu du beti. Mundakako hondartzan batez ere. Athletic zalea da, baina gurago du futbolean jolastea, ikustea baino. Urduri jarri ohi da Athleticen partidak ikusten dituenean, batez ere galtzen badoa. Oso Athletic zaleak diren seme biren aita da. 2018ko azaroan Futbola eta Literaturari buruzko hitzaldia eman zuen Suitzako St. Gallen Unibertsitatean. Ramiro Pinillaren nobela hartu zuen gaitzat. Gaur egun (areto) futbolean ari da adiskideen eskuzabaltasunari esker.