Azaroa 15A, Ostirala 19:00 / San Mamés - Sarbidea 14. atetik

Ferrán Soriano & Lu Martin

PARTE-HARTZAILEAK: Ferran Soriano • Lu Martin

  • Ferran Soriano
    Ferran Soriano

    Ferran Soriano Bartzelonan jaio zen 1967an. Poblenou langile auzoan hazi zen, eta bere aitak oilasko denda bat zeukan merkatuan. Haren postuaren aurrean fruta saltzen zuen emakumea Barcako bazkidea zen eta txartelak uzten zizkien astean zehar partidetara joateko, berak ezin izaten baitzuen. Horrela asi zen Camp Noura joaten. Schusterren debuta gogoratzen du, estadiora goiz joatea Maradona beroketak egiten ikusteko, edo partiden amaieran Johan Cruyffen prentsaurrekoa entzutea. Bere aitak prismatikoak eramaten zituen zelaira, jokalariak eta palkoa gertutik ikusteko. Orduan ezin zuen imajinatu ere egin han eseriko zenik behin baino gehiagotan, Ferran Presidenteorde eta Zuzendari bihurtzean, 2003 eta 2008 urteen artean.

    Umetan eskubaloi atezaina izan zen, eta gaur egun, oraindik ere, txundituta jarraitzen du atezainen indar mentalarekin (edo zoramenarekin). Jokoaren logika ikasi zuen Begiristain, Cruyff, Rijkaard eta Guardiolarekin. Gaur egun zuzentzen duen erakundearen baitan bost kontinenteetako 150.000 pertsonak jokatzen dute futbolean. Bere lanari esker, mundu osoan zehar bidaiatu du eta astebururo sei edo zazpi aldiz egiten du barre edo negar, City Football Group taldeek Ingalaterran, Estatu Batuetan, Australian, Japonen, Uruguayn, Txinan edo beste edonon partidak irabazi edo galdu egiten dituztenean.

    Bere esanetan, Barcaren bulegoetan eseri zen lehenengo egunean aurreko presidenteak esan zion: “Mutiko, aholku bat emango dizut: Ez etorri hona kudeaketari buruzko teoriekin, ezta zentzunarekin ere. Futbola oso erraza da: Baloia sartzen bada, ederto; bestela, zoritxarra da. Ausa kontua da”. Ez zuen sinetsi, eta duela hamar urte idatzi zuen horri buruzko liburua: “La pelota no entra por azar”. 100.000 ale saldu dira, argitaratu den bederatzi hizkuntzetan.

  • Lu Martin
    Lu Martin

    Luis Martini ezagun guztiek deitzen diote Lu, aspalditik, baita bere amak ere. Bartzelonan jaio zen, 1967an. Txikitan kromo-bilduma egiten zuen, komikiak irakurtzen zituen eta futbolean jokatzen zuen, modu konpultsiboan. Bere aitak Sarriára eramaten zuen hilean bitan, eta, noizean behin, Camp Noura. Beti zegoen aurkariaren alde. Behin Iribar jokatzen ikusi zuen eta Athletic-zale bihurtu zen, baina beti egoten zen talde aurkariaren alde.

    16 urterekin ikastetxetik kanporatu zuten eta gau eskoletan BBBko bigarren maila egitea proposatu zioten. Bere aitak susmo txarra hartu zion horri, delinkuentzian amaitzeko bidea izango zelakoan, eta Tom Hernáezekin hitz egin zuen, Sport egunkariko editorea. Haiekin lan egitera gonbidatu zuten. Hogei urtez aritu zen han lanean. Hasieran, Espanyol taldearen informazioa ematen zuen; gero Barça taldekoarekin hasi zen; eta denboraldi askotan zehar Espainiako Selekzioarena ere eman zuen.

    2003an Enplegu Erregulazioko Espediente batean sartzeko eskaera egin zuen, zuzendari bati erasotzeagatik kaleratua izan aurretik. Hilabete beranduago, El País egunkarian lan egiteko eskaintza egin zioten, eta bertan aritu zen hamabost urtez. Beste EEE batekin bat egin zuen, kartzelan sartzeko agindua jaso aurretik; baina horren arrazoiak ez datoz harira.

    Gaur egun Manchesterren bizi da eta bertan egiten du lan. Hiru Joko Olinpiko, bost Munduko Txapelketa, bost Eurokopa, Champions Leagueko hainbat final, Frantziako bi Tour, Igeriketako bi Munduko Txapelketa eta beste hainbat ekitaldi egin ditu berriemaile moduan. Txikitan bere aitonarekin El Noticiero Universal egunkariko erredakziora joaten zenean eta kazetari izatera jolasten zenean, ez zuen horren erdia imajinatu ere egingo.