Nobedadeak X. edizioan23/10/2019

Egitarau berezia aurkeztu dugu, Óscar de Marcos eta Ainhoa Tirapuren liburuen aurkezpena barne.

Badakigu nortzuk egongo diren gurekin literatura eta futbolaren inguruko topaketetan. Azaroaren 11 eta 15a bitartean izango dira, Letrak eta Futbola ekimenaren X. edizioa dela eta. Gonbidatuen artean, honako egileak izango ditugu: Ferrán Soriano, José Roberto Torero, Juan Pablo Villalobos, Miqui Otero, Aritz Gorrotxategi, Martín Etxeberria, Jon Kortazar, Carlos Ranedo, Laura Mintegi, Santiago Segurola eta Jon Rivas.

Aurkezpen ekitaldia San Migueleko lokal berrian izan da, “Munduko tabernarik handiena”, eta Óscar de Marcosek parte hartu du. Galder Reguerarekin batera azaldu da, eta jokalari gisa parte hartzeaz gain, Letrak eta Futbola ekitaldiaren hamargarren edizioaren harira argitaratutako bi lanetako baten egilea ere izan dela aipatu behar dugu. Liburu autobiografiko laburra idatzi du, “Togo” izenekoa, JM Isasiren laguntzaz. Laguardiako futbolariaren bizitzaren pasarteak kontatzen dira, kadete mailan hasi zenetik zuri-gorri gisa egindako lehen denboraldietara arte. Horrekin tartekatuz, 2010eko udan egindako bidaia berezi baten inguruko xehetasunak kontatzen ditu. Togora joan zen bidaia hartan, Afrikara.

Bigarren argitalpena, “Bizitza eskukadaka” izenekoa, Ainhoa Tirapu kapitainak idatzia izan da, Miren Rubio Iturria kazetariaren laguntzaz. Nafarroako atezainaren ibilbidearen bizipen eta pasarte esanguratsuenak kontatzen ditu, Barañainen hasi zenetik, gaur egunera arte.

Athletic Club Fundazioak “Togo” eta “Bizitza eskukadaka” liburuen 13.000 ale argitaratu ditu. Ale batzuk ikastetxeetan banatuko dira, eskaerapean (eskaerak egiteko: info@fundacionathleticclub.eus ), eta Batxilergoko bigarren mailako geletan irakurtzeko. Beste batzuk Athletic Clubekin hitzarmena duten klubetan banatuko dira, gazte kategoriako neska-mutilentzako. Era berean, liburuak eskuragarri egongo dira Bilboko liburu-dendetan azaroaren 4tik aurrera, doan. Hala nahi izanez gero, Athletic Club Fundazioaren aldeko dohaintza bat eman ahal izango da, liburuak hartzearekin batera. Diru hori Bizkaiko Irakurketa Errazeko proiektuetara bideratuko da osorik, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei erraztasunak emateko.

Bestalde, Fundazioaren Irakurketa Klubekin jarraituko dugu denboraldi honetan, eta laster iragarriko ditugu.

Athletic Club Fundazioak antolatzen ditu Letrak eta Futbola topaketak eta Bizkaiko Foru Aldundia, San Miguel eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarena den Irakurketaren eta Liburuaren Behatokia dira babesleak. Melià Hotelak eta BCD Travelek ere laguntzen dute. Athletic Club Fundazioak eskerrak eman nahi dizkie babesleei, emandako laguntza baliotsuagatik.